XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERANSKINA

KARAKTEREA ETA GIZARTE-PROZESUA

Liburu honetan zehar faktore sozioekonomiko, psikologiko eta ideologikoen artean dagoen elkarrerlazioaz ari izan gara, Erreforma-garaia eta Gure Aroa bezalako aldiak aztertuz.

Analisi horrekin zerikusia duten arazoez interasatzen diren irakurleentzat, saiatuko naiz laburki azaltzen, eranskin honetan, azterlan honen oinarri teorikoa izan dena.

Talde sozial baten erreakzio psikologikoak aztertzean, taldeko kideen karakterearen, hots, pertsona indibidualen karakterearen, egitura jorratu behar dugu.

Hala ere, interesatzen zaizkigunak ez dira talde bereko pertsonak ezberdin egiten dituzten berezitasunak, kide gehienei dagokien karaktere-egituraren zatia baizik.

Karaktere honi karaktere soziala esan diezaiokegu.

Karaktere soziala, ezinbestez, ez da karaktere indibiduala bezain espezifikoa.

Bigarrena deskribatzean, gizabanako honen edo haren egitura, egituraketa berezian, osatzen duten berezitasun guztiak hartu behar ditugu kontutan.

Karaktere sozialean, ostera, berezitasun horietarik aukeraturiko batzuk bakarrik sartzen dira: talde bateko gehiengoaren karaktere-egituraren funtsezko gunea, taldearen beraren oinarrizko esperientzien eta bizitzeko era komunen emaitza legez garatu dena.

Nahiz eta karaktere-egitura arras diferenteko desbideratuak beti ere ikusi ahal izango diren, taldekide gehienena gune beraren inguruko zenbait aldaketek osatuko dute, aldaketok jaiotzako eta bizitzako esperientziak bezalako faktore akzidentalen eraginean dutelarik esplikazioa, gizabanako batetik bestera ezberdinak diren neurrian.

Gizabanakoa, gizabanako denez ongi ulertu nahi dugunean, elementu bereizgarriok garrantzirik handiena hartzen dute; baina giza energia nola bideratzen den eta ordenu sozial jakin baten barruan indar konpultsibo bezala nola diharduen ulertzea bada gure asmoa, orduan karaktere sozialera bideratu beharko dugu geure arreta.